top of page
  • Instagram
  • Facebook
  • YouTube

Egokitzapen “Sostengarri” Baterantz Hausnarketak eta Proposamenak

  • PH-JEB
  • Jul 6, 2025
  • 3 min read

Updated: Dec 19, 2025

Egokitzapenak leuna izan behar du. Etxetik haur eskolarako trantsizioa xamurra izan dadin, haurraren nahiz familiaren emozioei erreparatu behar diegu ezinbestean.


Familiek normalean hezitzaileok ezagutzen ez gaituztenez, urduritasuna azaltzen dute aurreneko egun horietan. Beraien kezka eta beldurrak dantzan jarri ohi dira egokitzapen aldian; duten altxorrik preziatuena ezezagunen eskuetan utziko dutelako eta segur aski beraien haurrarengandik banatuko diren lehen aldia izango delako. Hau ezin dugu inongo momentutan ahaztu. Hezitzaileok familia bakoitzaren testuingurua, beharrak eta emozioak identifikatzea eta haiekin elkarlanean aritzea nahitaezkoa da hasiera egoki bat eskaini ahal izateko. Hasierak duten garrantzia azpimarratu behar dugu, izan ere, bertan konfiantzaren eta elkarlanaren zutabeen haziak ereiten baitira.


Haurreskolak Partzuegoak bere Hezkuntza Proiektuan 10 lanegunetako egokitzapena ezarria duen arren, urteetako esperientziaren ondorioz jakin badakigu, hau ez dela normalean haurrek eta familiek haur-eskolara egokitzeko behar duten denbora. Ez dela erreala.


Haurreskolak Partzuergoko familiek hasieratik izango dute geletan egoteko aukera eta pixkanaka, gelatik aterako dira haurra bertan utziz. Lehenengo egunetan gelan familiek eta haurrek konpartitzen duten denbora gradualki txikituko da, haurra eta familiaren bizipenaren arabera; honek, familiak pixkanaka albo batera eginez hezitzaileoi emango digu haurrarekiko interakzioan protagonismoa, beti ere familiekin beharrak eta inpresioak konpartitu eta adostu ostean. Prozesu honetan aurrera egiteko hezitzaileok familiarekiko dugun jarrera erabakigarria denez, prozesuan sortzen diren zalantza nahiz ezinegonak entzun eta erronka berriei erantzun beharko diegu. Horretarako familiarekin komunikazioa izango da tresnarik baliotsuena.


Hasierako egunetan haurra gelara ohituko da pixkanaka - pixkanaka ( espazio fisiko horretara eta honek eskaintzen dizkion materialetara); haur bakoitza bere erritmoan, noski. Egia esan, haur batzuk hasieran beraien familiagandik askatuko ez diren arren ohikoa da apurka - apurka euren kuriositateak lagunduta askatzea.


Prozesu honetan hezitzaileok etengabe behatuko dugu, haurraren beharrak zein diren identifikatu ahal izateko. Begiradarekin, jolas materialekin eta gorputz nahiz aho hizkuntzarekin gertutasuna erakusten ahaleginduko gara. Era berean, haurrari familiarekin harreman naturala, gertukoa dugula transmititzen saiatuko gara. Haurrak bere familiakoekin naturaltasunez ikusten bagaitu fidagarriak garela irudituko zaio. Zalantzarik gabe, hezitzaileon eta familien artean konfiantza da eraiki beharrekoa.


Egokitzapen aldiaz eta honen iraupenaz hitz egiterakoan zaila da kronograma batean oinarritzea, haur bakoitzak bere erritmo propioa baitu eta familia bakoitzaren beharrak eta egoerek prozesu honen iraupena baldintzatuko baitute.


Halatan, hezitzaileok familia eta haur bakoitzaren egokitzapen prozesua egituratzen eta diseinatzen dugu pausuz pausu, egunerokoan sortzen diren erronkei erreparatuz. Horretarako, behaketa bilakatzen da tresna garrantzitsua, une oro familiekiko errespetuzko jarrera eta begirunea funtsezkoak direlarik.


Egokitzapen-fasean, ideala izango litzateke hezitzaile bat izatea 0-1eko taldean bi edo hiru haur bakoitzeko, eta hezitzaile bat 1-2ko taldean 4 haur bakoitzeko.


Lehen egunetan haurra eta familia gelan, gehienez, ordubetez egotea komeni da eta pixkanaka denbora luzatzea. Ordubete horretan haurra eroso dagoela sentitzen dugunean luzatuko dugu pixkanaka ordutegia. Bazkarien unea aurrerago hasiko da, izan ere, jatorduak eta loa baitira unerik hauskorrenetakoak. Berez, goiza eta bazkalordua eroso egiten dituenean geratu beharko luke haurrak siestan.


Ez dugu presarik izan behar haurrak bazkalorduan jan dezan, haurra errespetatua sentitzen bada errazagoa izango da bera besteen konpainiarekin atseginez jaten hastea. Loaren unean ere, hezitzailearen presentzia eta sostengua dira gakoa. Une oro, horiek dira klabeak: errespetua, entzute aktiboa eta presentzia. Beste guztia etorriko da bere garaian.


Etapa hau trantsizio garaia da; ez da erraza ez haur, ez familia ezta hezitzaileontzat ere. Emozioak pil-pilean izaten dira eta elkar ezagutza prozesu baten hasiera izanik, egokitzapenean bizi dena oso intentsua izan ohi da. Baina pasako da.


Baliteke haurra haur-eskolan ondo ikustea baina bazkalorduan edo lo egiteko garaian bere jarrerarekin oraindik egokitu ez dela adieraztea. Hori guztia informazio adierazle da, izan ere, haurrek oraindik ahozko hizkuntza menderatzen ez dutenez, beraien erara oraindik guztiz egokitu ez direla adierazten baitu horrek. Haurrak etengabe ari dira komunikatzen, bai egiten dutenarekin baita egiten ez dutenarekin ere. Errutinetan eta jolas librean lasai dabilenean eta sentibera dagoenean hezitzailea bilatu eta gurekin kontsolatzeko gai denean, orduan, haurra haur eskolara egokitu dela esango genuke.


Akaso helduoi presa sartzen zaigu baina presak ez dira lagunik onenak eta haurrak, ez beste inork, ez digu adieraziko noiz egokitu den.


Haurrak egokitzapen aldian berebiziko esperientzia ugari bizi ditu: lehenengo aldiz atxikimendua duen pertsonetatik urruntzea, orduantxe ezagutu berri dituen beste horiekiko konfiantza sortu, gertuko pertsona atetik joan den bezala berriz bere bila etorriko dela ulertu … Ez dira nolanahiko ikasketak, ikasketa gogorrak dira, egun batetik bestera ikasi ezin direnak.


 
 
 

Comments


logo 2023 erasmus europa comision.png

SUSIEE: Jasangarrittasuna eta kulturartekotasuna 0-3 urteko haurren hezkuntzan eta arretan 

(2023-1-ES01-KA220-SCH-000153355 zenbakidun proiektua) elkarte estrategikoa da Europako Batzordearen Erasmus+ programaren barruan. Eskola-hezkuntzako proiektu bat da, SEPIE Espainiako Agentzia Nazionalaren bidez finantzatua.

Europako Batzordeak argitalpen hau egiteko emandako laguntza ez da argitalpenaren edukiaren onarpen bat, egileen iritziak baino islatzen ez dituena, eta Batzordea ez da arduratzen hemen zabaldutako informazioaz egin daitekeen erabileraz.

 

Webgune honetan eskuragarri dagoen eduki guztia da Creative Commons esleipen-lizentziapean, berdin partekatu, ez komertziala.

bottom of page